Aretxabaletako Udalak irudi berria aurkeztu du

Maiatzaren 18an egin zen Aretxabaletako Udalaren erakunde-irudi berriaren aurkezpena Aretxabaletako Udaletxean.
Diseinu lanak egin dituen publizitate-agentzia Arteman Komunikazioa enpresa izan da.

Orain arte Aretxabaletako Udalaren irudi grafikoak hainbat izan dira eta bateratzeko modu bakarra irudi berri bat egitea izan da. Modu honetan, erakundearen irudiaren irizpideak finkatuta gelditu dira, elementu grafiko guztiak esku-liburu baten bilduta eta irudia erabiltzeko eta aplikatzeko arauak normalizatzeko bidea egin da.

Plan estrategikoan jasota dago Aretxabaletak udalerri bezala zabaldu behar duen irudia kalitatean, modernitatean eta dinamismoan oinarritu behar dela. Puntu horietan oinarritu da Arteman Erakunde-Irudi berria diseinatzeko orduan: azkenengo hamarkadetan gehien erabili izan diren irudien eguneraketa egin da baina trazoak gaurkotu egin dira, elementuak sinplifikatu eta orohar, aplikatzeko eta erreproduzitzeko erraza eta kalitate grafikoa eskaintzea eduki dira helburutzat.

Koroadun armarrian agertzen diren elementuak, San Miguel Goiaingeruaren irudikapena eta Noeren Kutxa uraren gainean dira. Kolore urdina aukeratu da erakundearen kolore gisa, alde batetik, sinboloaren bereizgarri den urarekin lotura duelako eta bestetik, seriotasuna eta konfiantza transmititzen dituen kolorea delako.

Erakunde-Irudi berria ezartzeko hainbat ekintza egingo dira: material administratiboa guztia gaurkotu, paperezko aplikazioak atera, erakunde mailan irudi berria inplementatu…dena dela, etorkizunari begira, komunikazio atala sakondu eta lana egiten jarraitzea du helburutzat, Udalak, herritarrengandik hurbil dagoen administrazioa dela transmititzeko; gertukoa, zuzena, garbia.

Comments are closed.