Debarroa argazki lehiaketan Debako gazteak irabazle

Debako Luzaro L.H.I eskolako bosgarren mailako gazteek irabazi dute Debarroa Menditik Itsasora kanpainaren inguruan antolaturiko argazki lehiaketa. Gure landa ingurua gure altxorra lelopean Debagoieneko zein Debabarreneko 13 eskola eta ikastolak esku hartu dute argazki lehiaketan.

Arrasate, Bergara, Deba, Eibar eta Elgoibarko hamahiru eskola eta ikastola, eta ehunka neska mutikok esku hartu dute Deba Garaia eta Debemen Landa Garapenerako elkarteek antolaturiko argazki lehiaketan. Irabazleak Debako Luzaro L.H.I eskolako bosgarren mailako ikasleak izan dira, eta beraientzat izan da lurretik eta itsasotik marearteko zabalgunea ezagutzeko ibilaldi gidatua eta garaikurra.

Bigarren Eibarko Amaña Herri Ikastetxeko hirugarren eta laugarren mailako neska mutikoak izan dira. Bideo kamera eta garaikurra irabazi dute. Eta hirugarren Eibarko J.A Mogel ikastola. Argazki kamera eta garaikurra irabazi dute hirugarren sailkatuek.

Landa ingurua bultzatzeko asmoa

Deba Garaia eta Debemen elkarteek antolaturiko argazki lehiaketaren helburua da landa ingurua bultzatzea. Gaiak, berriz, askotarikoak izan zitezkeen; paisaia, biztanleak, nekazaritza jarduerak, kultura, folklorea eta ohiturak, herri kirolak, baserria eta ondare arkitektonikoa, baserriko produktuak, azokak,… eta oro har landa inguruarekin eta baserriarekin zerikusia duten esparru guztiak.

Comments are closed.